
Udaletxe berria inauguratu dute
Mutiloa Udaletxearekin batera ostatuko logelak eta erabilera anitzeko ganbarako gelak ere inauguratu ditu Markel Olano ahaldun nagusiak.
estitxu imaz
Mutiloak udaletxe berritua, ostatuko logelak eta erabilera anitzeko ganbarako gela berriak ditu atzodanik. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok inauguratu zituen atzo eguerdian. Inaugurazio ekitaldian ziren Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara diputatua, Karlos Ormazabal Garapen Iraukorreko diputatua, Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea eta udaleko zenbait zinegotzi ere.
Olanok eta Ugaldek zinta ebaki eta gero Santos Beloki apaizak eraikina bedeinkatu zuen. Ondoren taldean eraikin osoa eta herria bisitatu zituzten. Mutiloako alkateak esku artean dituzten asmoen eta ekintzen berri eman zien ahaldun nagusiari eta Kultura eta Euskara diputatuari.
Lanak bi fasetan egin dituzte
Mutiloako udaletxea eta ostatua hartzen dituen eraikineko lanak bi fasetan egin dituzte. Lanen lehen fasean ostatuko sukaldea, komuna eta jangela handitzeaz eta berritzeaz gain, taberna lekuz aldatu eta berritu egin zuten. Ugalde alkateak orduan adierazi zuenez eraikinean lanak egiten hasteko arrazoi nagusiak irisgarritasun eza eta eraikuntzaren egoera txarra izan ziren. «Urte asko dauka eraikinak eta egurra pipiak janda dauka. Dena dela Ostatuaren funtzionamenduan etenik ez eragiteko lanak zatika egiteko erabakia hartu dugu», zioen orain ia hiru urte.
Ostatu berria 2005eko martxoaren 20an, igandean, inauguratu zuten.
Lanen bigarren faseari 2006. urtean ekin zioten
2006ko urrian hasi zituzten berriz ere udaletxea eta ostatua dauden eraikinean obrak. Berrikuntza lanen bigarren fasea jarri zuten abian orduan.
Beheko solairuan, lehen Ostatuko taberna zegoen lekuan, komun publikoak egin dituzte. Komunak mugikortasun gutxiko pertsonentzako egokituak dira, gainera. Beheko solairuari ataria ere egin diote, sarrera moduan.
Administrazio orokorreko bulegoa, batzar aretoa, beste bulego txiki bat eta artxibo bizia ere behean kokatu dituzte. Beheko zatiak 69,45 metro koadro ditu.
Lanak egiten aritu diren bitartean udaletxeko bulegoa kultur etxearen alboan izan dute, eraikuntza aurrefabrikatu batean, baina dagoeneko irekita daude bulego berriak.
Irisgarritasuna, bermatuta
Udaletxean igogailua jarri dute areto guztietan irisgarritasuna bermatzeko helburuarekin.
Lehen udal bulegoak zeuden tokian, bigarren solairuan, ostatutarako lau logela egin dituzte, bisitariei zerbitzua emateko asmoz. Logelek komunak dituzte eta horietako bat mugikortasun mugatuko pertsonei egokitua dago. Logelen ondoan jangela txiki bat ere badu ostatuak.
Bigarren solairuan 18 metro koadroko lokal bat eta 47 metro koadroko etxebizitza txiki bat ere egin dituzte, beste erabilera batzuetarako.
Azkenik, ganbaran erabilera anitzerako gelak daude. Han jarri dituzte artxiboa, ikus-entzunezkoen gela eta eskulanetarako gela. Guztira 147,99 metro koadro ditu.
Lanen aurrekontua 400.000 euro ingurukoa zen hasieran. Baina tartean ezusteko batzuk izan direla-eta (eraikinaren teilatua konpondu beharra esaterako), azkenean 500.000 euroko gastua izan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak 150.000 euroko diru laguntza bideratuko dio Udalari.
Ikus-entzunezkoa
'Urdanetaren sekretua' dokumentala
ORDIZIA, Herri antzokian - 2008-09-08
Zinema
'Urdanetaren sekretua' dokumentala
ORDIZIA, Ordiziako Herri Antzokian - 2008-09-08
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.