Edukira joan

Goierriko Hitza

Mutiloa
2008ko abuztuak 29, Ostirala

;2008-01-16;AZPIEGITURAK. Lierniko baseliza zaharberritzeko lan handienak bukatu dituzte

Lierniko baseliza zaharberritzeko lan handienak bukatu dituzte

Mutiloa 2007ko azaroan hasi zituzten lanak; teilatua konpontzetik hasi ziren baina beste zenbait gauza ere berritu behar izan dute.

estitxu imaz

Urtebete pasatxo obran egon ondoren, Lierniko Amaren ermita zaharberritzeko obrak bukatuta daude, lanik handienak behintzat.

Mutiloako San Migel Goiaingeruaren elizaz eta Lierniko Amaren ermitaz arduratzen den taldea lauzpabost pertsonak osatzen dute, eta duela hiru bat urte jabetu ziren Lierniko baselizaren teilatua oso zahartuta zegoela eta konponketa behar zuela. Gotzaitegiaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten eta ermitaren teilatuaren berri eman zieten. Han ez zuten urte hartarako lehentasunen artean sartu eta Lierniko ermita konpontzeko proiektua atzeratuta geratu zen.

2007 hasieran barrualdetik teilatuari lotutako sabai izun edo zieloraso zati bat erori zen. Ermitara sartu eta ezkerretako aldarearen gaineko zati bat, hain zuzen.

Elizaz eta ermitaz arduratzen den taldeak, kezkatuta, obra lehenbailehen egin beharra zegoela ikusi zuen. Eta horrela egin zuten. 2007ko azaroan hasi zituzten lanak. Letamendia eraikuntza enpresak burutu ditu. «Guretzat lehentasuna ermitaren teilatua konpontzea zen, behar gorrian ikusten baikenuen» adierazi du Santos Beloki apaizak.

Teilatua konpontzeko obrak hasi zituztenean beste sabai izun zati batzuk erori ziren. «Ez zegoen horrela uzterik eta igeltseroa aritu zen sabai izuna konpontzen».

Behin konponketa lanak eginda, petatxoak geratzen zirela ikusi eta ermita barrutik margotzeko erabakia hartu zuten.

Aldundiko teknikoek ikusi dituzte hasieran eta bukaeran

Lanen hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak izan ziren Lierniko ermita ikusten. «Aldundikoek zaharberritze lanak hasi eta aipatzen ziguten zaharra ahal genuen gehien mantentzeko. Baina sabaiko zura pipiak janda zegoela ikusi zuten eta berri asko sartu behar izan da, usteldutakoa kenduz».

Ermitaren zaharberritze lanekin batera saneamendua ere egin behar izan dute. Ermita pintatzen hasi zirenean hezetasun handia zegoela konturatu ziren. «Ermitaren alde batetik hezetasun handia sartzen zen eta barrualdetik horma zatiak erori egiten ziren», dio Belokik.

Gipuzkoako Foru Aldunditik Liernira joandako teknikariek esan zieten arazo horrek saneamendua egitea eskatzen zuela. Horrela, lurrean erreten handi bat egin eta harri handiz eta todounoz bete zuten, hezetasuna barrura sar ez dadin. Teilatuko urak bertan zegoen ur-biltegi handi batera bideratu dituzte.

Lan handienak bukatzear zirela, urtarrilaren 9an izan zuten Aldundikoen beste bisita bat. Lanak ikuskatzen aritu ziren.

Aurrekontuak gora egin du

Teilatua konpontzeko bakarrik 55.000 euroko aurrekontua zuten, baina gerora beste zenbait berrikuntza eta saneamendu lan egin behar izan dituztenez gastua handitu egin da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza emango du, baina guztia ezingo da diru horrekin ordaindu. Horregatik, dagoeneko eliztarrei egin zaie deia. «Lierniko ermitan biltzen diren fededun batzuk eman dute dirua dagoeneko, eta poliki eman ere. Baina, hala ere, ziur aski guztien beharra izango dugu».

Aurrekontuak aurrekontu, Lierniko Amaren ermita berrituta dago jada, eta gustura geratu dira emaitzarekin. Belokiren hitzetan «lanak hasteak eta bukatzeak bere denbora eramaten du, baina behin amaitutakoan ederki geratzen dira. Orain badakigu teilatuak ez duela erortzeko arriskurik, hezetasunari eusteko saneamendua eginda dagoela eta hormak pintatuta itxura ederra hartu duela ermitak».

Lierniko Amaren eguna irailaren 8an da, eta jende asko biltzen da bertan. Baseliza jendez betetzen da egun horretan, meza entzuteko. Baina ez egun horretan bakarrik. «Ingurune honetako jendeak asko maite duen ermita dela jabetu naiz hemen daramadan denboran. Irailaren 8az gain, gazte askok aukeratzen dute ermita bertan ezkontzeko», gaineratu du Belokik.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.