
Mutiloako Argazki Lehiaketa jarri dute abian herritarrentzat Sanpedrotarako
Mutiloa Argazkiak aurkezteko epea ekainaren 15era bitartekoa da; herriko festetan emango dute jakitera irabazlearen izena.
erredakzioa
Aurtengo San Pedro festetarako argazki lehiaketa antolatu dute Mutiloan. Maiatzaren 26an Agenda 21eko herri bileratik irtendako egitasmoa da, eta, beraz, lehiaketaren leloa Mutiloako natur ingurunea izango da.
Lehiaketan parte hartzea libre eta doan da, eta Mutiloako herritar guztiei dago irekita, zaleak edo profesionalak izan.
Parte-hartzaile bakoitzak argazki bakarra aurkeztu ahal izango du. Argazkiek jatorrizkoak izan beharko dute, lehenago saritu gabeak eta argitaratu gabeak.
Lanak zuri-beltzean edo koloretan ateratakoak izan daitezke, eta paperean edo euskarri digitalean aurkeztu ahal dira.
Kartazal itxi batean entregatu behar dira argazkiak
Parte-hartzaileek argazkia kartazal itxi batean aurkeztu behar dute. Kartazalaren kanpoaldean Mutiloako 2008 Argazki Lehiaketa idatzi behar dute, eta egilearen ezizena ere bai.
Kartazalaren barruan, berriz, argazkia (paperean edo formatu digitalean) eta gutunazal bat sartu beharko dira. Gutunazalaren barruan argazki bakoitzaren jatorrizko titulua, non eta noiz egin zen eta egilearen datuak zehaztu beharko dira, posta helbidea eta helbide eletronikoa, harremanetarako telefonoa eta NA zenbakia.
Ekainaren 15era bitarteko epea dago argazkiak entregatzeko
Lanak Mutiloako udaletxean aurkeztu behar dira, eskura bulego orduetan, edo posta zerbitzu arruntez. Aurkezteko epea ekainaren 15ean bukatuko da.
Egindako lana baloratzeko udalerriaz gaindiko pertsonek osatutako epaimahaia elkartuko da, Agenda 21eko teknikari taldea, hain zuzen, Laiako kideak.
Lehiaketara bidalitako argazkiekin erakusketa antolatuko dute San Pedro jaietan, ekainaren 28an, larunbatean. Egun berean jakinaraziko dute irabazlearen izena, eta bertan emango zaio saria.
Garaile irteten den argazkia atera duen pertsonak bi lagunentzako afaria eskuratuko du.
Mutiloako Udaletik jakitera eman dutenez Udala egingo da saritutako lanen jabe. Argitaratu edo erakusteko eskumena izango du, beti ere egilearen izena aipatuz. Bestalde, Mutiloako Udalak beretzat gordeko du lehiaketan aurkeztu diren argazki guztiak erakusteko eskubidea.
Herriko Udalak aurkeztutako argazkiak «kontu handienarekin erabiltzeko ardura» hartuko du bere gain, adierazi dutenez. Hala ere, ez da arduratuko «argazkiak bidaltzean, erakustean, prestatzean eta itzultzean galdu, lapurtu edo hondatzen badituzte».
Argazkiak jasotzea
Argazkien egileek 2008ko uztailaren 15era arteko epea dute saria lortu ez duten lanak jasotzeko. Epe hori bukatutakoan jaso ez diren obrak egileek Udalari eman dizkiotela ulertuko da eta Udalak bere nahien arabera erabiliko ditu.
Lehiaketari buruz informazio gehiago nahi duenak Mutiloako udaletxera hurbildu besterik ez du. Bertaratzeko aukerarik ez duenak udaletxeko telefono zenbakira ere dei dezake, 943 80 04 50 zenbakira, hain zuzen.
Hitzaldia
'Eskolako Bidea'-ri buruzko hitzaldia
ORDIZIA, Ordiziako Oianguren institutuan - 2008-10-07
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.